Leitz Kirol Kultur Elkartea

Leitz-mtb Kirol Kultur Elkartea (LEITZ-MTB K.K.E.) Andoainen sortu zen 2001 urtean. Hori gertatu aurretik, ordea, mendi bizikletako(MTB) zeharkaldi eta lasterketetan egindako harremanei esker osaturiko lagun-taldeko partaideak mendi bizikletako (MTB)lasterketetan lehiatzen hasi ginen, LEITZ-MTB.com bizikleta-dendaren babes eta laguntzarekin.

Urte batzuetan horrela ibili ondoren, taldea desegin egin zen. Gure arteko harremana ez galtzearren eta bizikletak garajeko bazter batean herdoil ez zitezen erabaki genuen LEITZ-MTB K.K.E. sortzea, 2001 urtean. Taldetxoa osatu eta asteburuetan irteerak egitea genuen helburu, inguruko mendiak ezagutu eta gozatzea. Andoaingo inguruak malkartsu samarrak dira, baina guztia ere ez da aldapa, eta oso mendi politak dauzkagu bizikletaz ezagutzeko: Adarra, Mandoegi, Andatza, Leitzaran bailara...

Andoaindarren artean ezagutzera eman eta taldea handitzeko asmoz, urteko irteeren egutegia atera eta banatu dugu urteotan; Santakrutzetan ere gure hondar-alea jarri genuen, hutsik egin gabe zortzi urtez jarraian antolaturiko mendi bizikleten (MTB) zeharkaldiarekin.

Gaur egun antolatzen ditugun irteeretan arrakastatsuena Plazaolako trenbideari jarraituz egiten den Iruñea-Andoain zeharkaldia da. Egun osoko irteera, 80 km horiek lagunarte ezin hobean egiteko.

2008an sortu dugun web orrialdean topatuko duzue gure irteeretako ibilbideen informazioa, GPSan deskargatzeko moduan. Antolatzen ditugun irteeretako argazkiak ikusi eta foroan zuen iritzia emateko aukera ere izango duzue.

Ea guztion artean web orrialde txukun bat antolatzen dugun, guztion gozamenerako! Aupa Leitz-mtb!